Lehenengoa: ondo jatea
Lehen egunetan, haurra elikatzea da familia askoren kezkarik handiena. Teknika eta material egokiekin, arraildura duten haurrak ondo elikatzen dira. Eskatu laguntza ospitaleko erizaintza-taldeari lehen egunetik: haurrari jaten ematen eta biberoia eta titia aukeratzen irakatsiko dizuete.
Bularra har dezake?
Ezpaineko arraildurarekin, normalean bai: bularreko ehunak berak ixten du irekidura. Jarrera tenteak edo erdi-tenteak lagungarriak dira.
Ahosabaiko arraildurarekin oso zaila izan ohi da, haurrak ezin baitu xurgatzeko behar den hutsunea egin. Zure esnea eman nahi badiozu, atera eta biberoi berezi batean eman diezaiokezu.
Ahosabaiko arraildurarako biberoi bereziak
Haurrak ezin duenez aho barruan hutsunerik sortu, biberoi hauek esnea esfortzu handirik gabe ateratzen laguntzen diote:
- Mead-Johnson: haurrak xurgatzean emeki estutzen den botila biguna.
- Medela SpecialNeeds (Haberman): ihesen aurkako balbula eta fluxu erregulagarria dituena.



Guri lagundu diguten aholkuak
- Eman jaten jarrera tentean edo erdi-tentean, inoiz ez guztiz etzanda.
- Normalean baino aire gehiago irensten du: egin etenak korroka egin dezan.
- Ohikoa da esne pixka bat sudurretik ateratzea. Ez da arriskutsua, eta jarrera tentearekin gutxiagotan gertatzen da.
- Izan pazientzia lehen janaldiekin: biok ari zarete ikasten, eta egun gutxitan dena errazagoa izango da.
- Pisuari edo janaldiei buruzko edozein zalantzarekin, galdetu pediatriari edo ospitaleko taldeari.
Ebakuntzen ondoren
Ebakuntza bakoitzaren ondoren, dieta biguna 7-10 egunez, lastotxorik eta txupeterik gabe. Taldeak esango dizue noiz itzul daitekeen ohiko elikadurara. Xehetasun gehiago hemen: tratamendua eta ebakuntzak.
Galdetu beste familiei
ASPANIFen WhatsApp taldean bazkideok zalantzak eta esperientziak partekatzen ditugu: zein biberoik funtzionatu dizuen hobekien, nola antolatu janaldiak, non erosi titiak… Guztion artean laguntza eta informazioa ia berehala ematen dugu.
ASPANIFeko familiek ospitaleetako gidetan oinarrituta prestatutako dibulgazio-informazioa. Ez du zuen mediku-taldearen aholkua ordezkatzen: edozein zalantzarekin, galdetu beti hari.
ASPANIF
ES
EU