Kaixo guztioi. Utzidazue aurkezten: Juan Pérez Garrido naiz, 32 urte ditut eta ezpain arrailduarekin jaio nintzen. Duela egun batzuk elkarte honen berri eman zidaten, eta egia esan, atsegin handiz harritu nau, batez ere jendeak bere esperientziak kontatzen dituen atalak; hainbeste gustatu zait, ezen hemen nauzue parte hartzen.
Nondik hasiko naiz? Hasieratik, imajinatzen dut. 15.000 biztanle baino gutxiagoko herri batekoa naiz, baina sinetsidazue: azkenean denok ezagutzen dugu elkar. Nire haurtzaroa haur zoriontsu gisa gogoratzen dut, kalean anai-arrebekin imajina ditzakezuen joko guztietan eta askoz gehiagotan jolasten… izan ere, uste dut nire lehen oroitzapenetako bat kaleko inurriei begira ibiltzea dela, eta bizitzaren ironiak, duela gutxi inurritegi bat erosi dut. Kaleko gainerako mutikoekin beti ondo konpondu izan naiz, ez dut garai hartako oroitzapen txarrik, txikia nintzelako eta ez dudalako gogoratzen, edo benetan ez nuelako izan… hori da, hain zuzen, zuekin partekatu nahi nuen aholkua/esperientzia.
AITA ETA AMA KEZKATUENTZAT: ez kezkatu txikitan ondo hitz egiten ez badu. Nik gogoratzen dut arratsaldeeeeee osoooak ematen nituela logopedarenean (agur bat Antoninari, nire logopeda zenari, egunen batean irakurtzen badu), eta, noski, asko balio izan zidan, baina ez genuen erabat konpondu nire «R-arekin nuen arazotxoa». Askotan ebaki naute, hainbestetan ezen beste egunean amarekin gogoratzen ari ginela ez baikenuen kontua ateratzerik izan… niri beti Granadan tratatu izan naute; izan ere, oraindik joaten naiz, gainera erdi gor nagoelako, jejeje! Eta hori guztia gorabehera, handi eta indartsu hazi naiz antxoa bat bezala; are gehiago, esango nuke pertsona asko baino askoz gogorrago hazi naizela. Gaur egun, lanak jendaurrean aurkezten ditugunean, ikusten dut pertsona askok lotsa ematen diela; agian ni, beti zeharka arreta-gune izan naizenez, arazo hori erabat gaindituta daukat, eta munduko aurkezpenik onenak egiten ditut (gaizki geratzen da nik esatea? Jejeje!!!).
TXIKIENTZAT: kalera atera behar duzue lagunekin jolastera, ondo pasatzera eta gozatzera. Nik gogoratzen dut norbait nirekin sartzen bazen, ez niola batere jaramonik egiten, eta sinetsidazue horrek uste duzuena baino gehiago amorrarazten zituela; eta adeitasunez galdetzen zidatenean: «Zer gertatzen zaizu, zergatik ez duzu ondo hitz egiten?», azaltzen nien horrela jaio nintzela… garrantzirik eman gabe, eta, bitxia bada ere, esaldi hain sinple eta labur hori ulertzen zuten eta gauza normaltzat onartzen zuten. Beraz, badakizue: gozatu zuen lagunekin, ez haserretu zuekin sartzen badira, eta zergatik ez duzuen ondo hitz egiten galdetzen badizuete, azaldu horrela jaio zinetela, eta kitto… denborarekin dena hobera joango da! Sinetsidazue: orain arkeologoa naiz, oso aztarna zaharrak bilatzen eta aurkitzen ditut (erromatarrak eta iberiarrak), adin guztietako pertsonei bisita gidatuak egiten dizkiet, eta hori gutxi balitz… basozaina ere banaiz! Basoak zaindu eta haietan lan egiten dut, egunero abentura berriak bizi ditut, eta, nork daki, agian bihar zuen lorategiak edo jolasten zareten parkeak konponduko ditut.
Bide batez, «R-arekin» nuen arazoa bere kasa konpondu zen. Gogoratzen dut egun batean mezatan nengoela (gurasoek kontrolpean izateko mezatara joatera behartzen zintuzten igande horietako batean…) eta neure kasa, aspertuta eta lasai-lasai, esan nuen: PERRRRRRRRRRRO… ETA ZUR ETA LUR GERATU NINTZEN!! Beste 10 aldiz edo errepikatu nuen neure kasa, eta ezin hobeto ateratzen zitzaidanean, korrika joan nintzen amaren bila eta berriro esan nion: PEEERRRRRRRROO!! Eta super pozik jarri zen.
Besterik ez; agur esan nahi diot maitasun handiz elkarteari, oso gustura ezagutu dut eta parte hartu dut, eta espero dut nire aholkuak lagungarri izatea. Esan dizuet: ez kezkatu ezergatik, eta ahaztu une txarrak…
Adeitasunez, Juan Pérez Garrido.
Iturria: ASAFILAP (Ezpain-ahosabaiko arraildura duten pertsonen Andaluziako elkartea; gaztelaniaz)
ASPANIF
ES
EU
ASPANIF


